Ihardule-arketipoen gonbaraketa diakronikoa kartel politiko sovietarrean

Jose Inazio Basterretxea Polo

Kazetaria eta EHUko irakaslea

 


Laburpena:
Urriko Iraultzan, Bigarren Mundu-gerratean eta Perestroikan, Soviet Batasunak errusieraz idatzirik ezagutzera eman zituen kartel politikoetako aurkari nagusiei eginiko erradiografia eskripto-ikonikoari buruzko lan luzeago baten laburpena da hau. Irakurleak hiru garai horietako aurkari-arketipoen arteko gonbaraketa partziala, diakronikoa izenekoa, aurkituko du artikuluan. Ikerketa diakroniko honen muina kartel politikoetako ihardule nagusiaren eta berorren inguru semantiko-politikoaren azterketa da. Azalpen-lan honetan, kartel politiko sovietarrari plakat deituko zaio. Artikuluak hiru urrats nagusi egiten ditu: I) laburrean bada ere, ikerketa osoaren diseinu orokorra azaltzen da lehenbizi: lanlekuak, unibertso-laginak eta metodologiaren urrats nagusiak; II) artikulu honi dagokion ikerketa diakronikoa zertan datzan azaltzen da ondoren; III) eta azkenik, balizko aurkari-arketipoen gonbaraketa egiten da; gonbaraketa horretan, batetik, plakatetan GU-lagunak eta EURAK-arerioak zelan karakterizatu izan diren ikusten da eta, bestetik, karakterizazio hori zelan aldatu eta garatu den denborak aurrera egin ahala.

Abstract:
This article is a summary of a wider research work in which the author makes a radiograph, from a written and iconic point of view, of the main opponents that used to appear in the political placards that Soviet Union brought out in the Revolution of October, the Second World War and the Perestroika. The reader will find in the article a partial comparison among the opponent archetypes of these three periods. The origin of this diachronic research work is the analysis of the main character in the political placards and its political-semantic environment. The article has three parts: 1) the author shows briefly the general design of the research work: workplaces, sample and the main methodological stages; 2) he explains on what diachronic research, applied to this article, consists; 3) he makes a comparison among supposed opponent archetypes; on the one hand, we can see how WE-friends and THEY-enemies have been characterized in the placards and, on the other, how this characterization has changed and developed as the time has passed.


- Ikerketa orokorraren diseinua
- Ikerketa diakronikoa zertan datza
- Balizko arketipoen gonbaraketa
- Azken berbak
- Bibliografia aukeratua


1. Ikerketa orokorraren diseinua
Lan honetan erabilitako metodo eta teknikek kriterio orokor bat eduki dute: ikerketaren barne eta kanpo balioa bermatzea. Ikerketa hau sistematikoa, kontrolatua, enpirikoa eta kritikoa izan da.

1.1. ikerketaren lanlekuak
Lan hau aurrera eramateko, museo-bilduma hauetan bildu da informazio grafikoa: Leningradeko Museo Errusiarean eta Ermitagen; eta, Moskuko Iraultza Museo Zentralean, Puxkin arte aderretako bilduma nagusian, Puxkin kolekzio pribatuen biltegian, Maiakovskii museo modernoan, Lenin museo zentralean eta geure bilduma partikularrean. Informazio idatzia, batez ere, Moskuko Lenin biblioteka zentralean eta Zeregin Estrategikoetarako Zentru errusiarrean, Espainiako zein Frantziako biblioteka nazionaletan eta Euskal Herriko Unibertsitateko biblioteka nagusian bildu da.

1.2. unibertso eta laginak
Plakat sovietarraren ikerketa diakroniko honen unibertso osoa Iraultza eta Gerla Zibila, Aberri Gerla Haundia eta Perestroika garaietan argitaratutako plakatak biltzen dituzten ehun eta hogeita hamar katalogo, erakusketa eta bilduma publiko zein pribatuk osatu dute. Lan hau burutzeko, gure eskuetatik plakat kopuruok igaro dira: Iraultza-urteetakoak (1917-1922) ez bi mila baino gutxiago, Aberri Gerla Haundiko urteetakoak (1941-1945) hiru mila baino gehiago eta Perestroika-urteetakoak (1985-1991) zortziehundik gora. Autoritate, eduki ordezkagarritasun, errepikapenak ekiditzeko eta estetika kriterioetan oinarrituta, hogeita hamar bildumako unibertso ordezkagarria eratu da. Azken unibertso horretatik berrehun eta hirurogeita hamar plakateko iker-lagin aleatorioa hautatu da, laurogeita hamar plakat garai bakoitzeko.

1.3. metodologiaren urrats nagusiak
Plakat azterketa honek ikerketa-unitate nagusi bi eduki ditu. Ikerketak plakata bera, bere osotasunean, hartu du unitatetzat plakataren beraren gaia, gutasuna, iharduleen kopuruak, ekintza denotatuak eta konnotatuak, eskenategiak, objektu pertinenteen kopurua, plakataren diseinu-oreka, sakontasuna, mugimenduaren islada, irudi-teknika orokorra, betedura, hondoa, kolorea, berbaldia eta pertsuasioa analizatzeko unean. Plakataren osagaiak eurak hartu dira ikerketa-unitatetzat lehen ihardulearen eginkizunak (izaera, generoa, familia-ardura, itxura, adina, lanbidea), objektuen eta sinbologiaren semantika, pertsonaia nagusiaren begirada eta planoen ikerketa burutzeko unean.

Ikerketa lan honek, bere metodologiaren zientifikotasuna frogatzeko eta emaitzen ikerketa-konfidantza bermatzeko, froga-ariketa independiente bat gainditu du aurkeztua izan aurretik.

Laginean parte hartu duen plakat bakoitzari balio kuantitatiboa eduki duten hirurogeita hamazortzi iker-galdera eta balio kontsultagarria izan duten beste hogeita hemeretzi iker-galdera egin zaizkio. Plakat bakoitzaren ikerketak, beraz, ehun eta hamazazpi iker-galderako iker-fitxa ereduari erantzun dio. Hamar milatik gorako informazio sarreren emaitzak barruti nagusi bitan biribildu dira: garai bakoitzeko emaitzak deitutako atal sinkronikoan1; eta, hiru garaietako emaitzen gonbaraketa deitutako atal diakronikoan, azken barruti horren laburpena da eskuartean duzun lan honen abiapuntua.

2. Ikerketa diakronikoa zertan datzan
Lehenago esan dugun legez, ikerketa diakroniko honek bere baitan biltzen ditu plakat politiko sovietarraz egindako azterketa luzeago baten emaitza partzial batzuk; hona bildutako horiek hauxe dute komunean: plakat-ihardule nagusiaz eta beronen inguruko semantika politikoari buruz dihardutela.

Artikuluan eskaintzen diren datuak errusierazko oinarri literario hutsa izan duten plakatei buruzkoak dira, jakina baita sovietarrek hizkuntza anitzetan eman dituztela ezagutzera euren lan politiko-propagandistikoa.

Iharduleen eta inguru semantiko-politikoaren azterketak aurkari nagusien karakterizazioa aztertzen du eta lagunen eta arerioen deskripzio dikotomikoan oinarritzen da dualitate manikeo horretan izandako garapenak argitzeko.

2.1. aldakuntza orokorrak
Plakataren diseinu orokorra kontutan hartuta, plakataren azalera osatzen duten elementuen dentsitatean, alegia ihardue nagusiaren inguruko plakat-espazioa betetzen duten osagaien bataz-bestekoan, joera erraztaile nagusia ikusi dugu denborak aurrera egin ahala; espazio eskripto-ikonikoa osatzen duten elementuen kopuruari eta dentsitateari dagokionez, joera sinplifikatzailea aurkitu dugu plakat sovietarrean Iraultzatik hasi eta Perestroikarainoko bidean. Plakatean agertutako iharduleen eginkizunak gutxitzen joan dira mende hasieratik amaiera bitartean; eta, eginkizunetan aurkitutako joera erraztaile hori gainerako elementuen dentsitatean ere aurkitu dugu, zelan elementu ikonikoen kopuruan, halan berbaldi idatziaren osagaietan.

Diseinu orokorragaz segituta, plakat sovietarrak gero eta aire gehiago irabazi duela ikusi da, plakat mordoiloak atzean, Iraultzan, geratu dira eta Perestroikan, ostera, plakat arina aurkitu dugu. Bide horretatik, ihardule edo pertsonaia nagusia erakusteko artistek erabilitako planoak gero eta itxiago egin dira, planoak gero eta zehatzagoak egin dira mezuaren erraztasuna nabarmena egin delarik; planoek gero eta indar komunikatzaile gutxiago aitortu diote hondoari, adierazgarritasunaren indarra iharduleari berari aitortu diotelarik. Iraultzak herri-masa mugimenduak erakusteko, garaiko behar populistei erantzuteko, plano testuinguruemaleak erabili zituen plakatetan eta pertsonaia konkretuak horietan galtzen ziren. Mundu-gerrateko plakatak ikuslearengana hurbildu zuen pertsonaia plano amerikarraz baliatuta; pertsonaia konkretuari adierazkortasun nabarmena aitortu zitzaiolarik, hondoaren edo kontestuaren komunikagarritasuna murriztu egin zen. Perestroikak pertsonaiaren xehetasunak hurbilagotik erakusteko egin du ahalegin nabarmena, ihardulean bilduta adierazgarritasunaren indarra.

2.2. ihardule nagusiaz eta semantika politikoaz
Ihardulearen eta beraren kontestura hurbilduta, plakat sovietarreko ihardule nagusiak pertsona-itxura erakutsi duela ikusi da ikerketa nagusian; halan eta guztiz ere, denboraren poderioz, gero eta inanimatuago egin da eginkizun hau: urteak aurrera joan ahala, objektuek eta sinboloek hartu dute pertsonen lekua. Ihardule nagusia pertsona izan denean, pertsonaia nagusi horrek gehien-gehienetan gizon-itxura ezagutu du; emakumeak ostera, Aberri Gerla Haundian izan ezean, presentzia anekdotikoa eduki du plakataren aurrealdean. Pertsonaia nagusiak, bestalde, oso gutxitan izan ditu agirian ardura familiarrak. Gure datuen arabera, pertsonaia-arketipo sovietarra eslaviar zuria da eta adinez heldua; gazterik gehienak Perestroikan aurkitu ditugu, eta zaharrik gehienak hiru garaietako EURAK-arerioak plakatetan. Pertsonaia eskenategi publikoetan, sozialduetan erakutsi da, intimitatetik urrun.

Plakatak gero eta identitate kolektibo eskluienteagoa, baztertzailegoa, erakutsi du bere espazio piktorikoan. Esan gura baita, plakatetan, gero eta gutxiagotan agertu dira batera aurkari nagusi biak: GU-lagunak eta EURAK-arerioak. Plakatak gero eta gureagoak ala eurenagoak izan dira. Gero eta gutxiagotan planteatu da borroka dialektikoa plakataren balizko espazio konpartituan. Aurkariak gero eta gutxiagotan enfrentatu dira plakatean bertan. Nortasun baztertzaileak indarra hartu du plakat sovietarrean Iraultzatik Perestroikarainoko bidean.

. . . . . the soviet political poster... 04
ili smerth kapitalistam, ili
Horra hor aurkari nagusi biak batera erakusten dituen plakat iraultzaile bat. Aurkari biak plakataren espazio eskripto-ikonikoan enfrentatzen dira. Testuak dio, ezkerrean: "Gora langileen eta nekazarien botere sovietarra; heriotza kapitalari" eta, eskuman: "Botere osoa kapitalistei; heriotza langileei eta nekazariei". Egilea: V. Deni, 1920.

Plakatetan islada duten ekintzetan, bestalde, goian agertzen den plakataren helburu militarrekoen modukoak gutxitu egin dira denborak aurrera egin ahala eta horiek utzitako lekua helburu politikokoek hartu dute. Helburu militarrekoak nagusi izan dira nola Gerla Zibilean hala Aberri Gerla Haundian. Helburu politikokoak, ostera, Perestroikan.

Lagunak eta arerioak karakterizatzeko, objektuetan eta sinbologian garapena oso izan da ikusgarria. Iraultzan lantresnek markatu dute GUren eskenategia, Aberri Gerla Haundian sinbologia komunistak; eta, Perestroikan, ostera, eguneroko objektu zibilek. EURAKen eskenategia, ostera, Iraultzan ikur monarkikoek, Aberri Gerla Haundian ikur naziek, eta Perestroikan ikur sovietarrek.

GU eta EURAK aurkariak nabarmentzeko orduan, kolore semantizatzaileen garapenean, Iraultza eta Aberri Gerla Haundia bide beretik joan direla esan daiteke: GU-lagunak gorriz erakutsi dira eta EURAK-arerioak beltzez. Perestroikak, ostera, ez dio jarraitu banaketa tradizional horri; aurkariak nabarmentzeko erabilitako kolore semantizatzaile horiek euren erabatekotasuna galdu dutela berdin isladatzen da laguna zein arerioa gorriz zein beltzez. Lagunaren, kidearen kolorea, Iraultza garaian, pertsonaiaren gorputzean ikusi dugu; Aberri Gerla Haundian, sinbologia komunistan zein armetan; eta, Perestroikan, tresneria zibilean. Arerioaren kolorea, bestearen kolorea, Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian gorputzean agertu zaigu eta Perestroikan sinbologia komunistan.

Testu literarioen berbaldi idatziari dagokionez, kideena zuzena eta arerioaren objektala izan da hiru garaietan. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, mugak ezabatuz joan dira. Objektalaz hitz egiten dugu halako okasioetan, non berbaldi idatzia plakateko ihardule nagusiak berak esaten baitigu, bere aho-ahotik entzuten dugula iruditzen zaigulako edota bere arropetan edo bere esku diren objektu-tresnetan kausitzen dugulako. Berbaldi zuzena, ostera, plakataren autoreak berak, ezelako bitartekari barik, komunikatzen duen hura da.

Semantika politikoa ahoan hartuta, Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian, GU-lagunak ereduaren arketipoa, iraultzan eta beronen gidaritza ofizialean sinisten duen langile-nekazari-borrokalaria dela; eta, Perestroikan, aldiz, GU-lagunak ereduko arketipoa agintari komunistek erreprimitutako-bakezale-kritikoa dela ikusi dugu. Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian errefuxamendurik beroenak zuria eta nazien kontrakoak diren bitartean, Perestroikan sovietar ortodoxoen aurkakoak dira. Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian arerio-arketipoak zuri-zanpatzaile-garaiterrazak eta basapizti-nazi-galtzaileak diren bitartean, Perestroikan arerioa etxeko sovietarra da, berori hiltzaile eta gezurti delarik. Aldaketak, beraz, orokorrean hartuta, oso dira nabarmenak.

Perestroika-urteetako plakat honek damaigu goian aipatu berri dugun semantika politikoaren garapenaren ideia. Sinbologia komunista, jadanik, ez da askatzailea. Sinbologia komunistak zigorraren pisua bereganatu du. Gazteriaren garapena oztopatzen duen sistema politikoa da sovietarra, komunista. Egilea: G. Txlikov, 80-90ko urteak.
. . . . . . Moscou s'afiche, 57 . legko li byth...? . . . . . . . . . . . . .

3. Balizko arketipoen gonbaraketa
Bere etimologiari jarraituta, tipo gorena da arketipoa, modelo edo eredu gorena. Prototipo ideala dugu buruan arketipoei buruz berba egiten dugunean.

Aurkezten den arketipoen gonbaraketa hau gonbaraketa sinplifikatzailea da, garai bakoitzean modu sinkronikoan nagusitu diren emaitzak baino ez ditu alderatzen. Sinplifikazioaren izenean eraiki ditugu arketipoak.

Urteen joan etorriak gai aldaketa izugarria ekarri du plakat sovietarrera, ikusia dugu aurreko plakatean. Pentsa zitekeenez, gaiak bat egin du garaian garaiko beharrizan politikoekaz eta garai bakoitzekoak ez du apenas zerikusirik ez aurreko ezta hurrengo garaikoagaz ere. Garai bakoitzeko gai-arketipo nagusiak hauexek izan dira: Iraultzan, iraultza bera gauzatzea helburu zeukan militarra; AGHan, nazi inbasoreak militarki jipoitzea bilatzen zuena; eta, Perestroikan, bakea eskatzen zuena, bakea etxe barruan eta bakea Munduan. Plakat sovietarrak etxekoa, laguna, erakutsi du hein handi batean hiru garaietan. Honetan ez da dudarik: protagonista nagusia GU izan da beti. EURAK-en protagonismo eskluienteko plakatak (arerioak berak bakarrean protagonizatutakoak) salbuespen nabarmenak izan dira. Beraz, arketipoetan joera nagusiak bildu ditugu; hala ere, jakina, ez dago ezein plakat joera nagusi guzti-guztiak bereak dituenik.

Hurrengo orrialdeotan eskaintzen den gonbaraketa balizko plakaten artekoa da.

3.1. GU-lagunak, arketipoak Hiru garaietako plakataren GU-lagunak arketipoaren lerro nagusietan ezagututako aldaketarik nabarmenen gonbaraketaren datuak eskaintzen dira orain. Datuek balizko plakat-arketipoak eraikitzeko balio dute.

3.1.1.- Balizko plakat iraultzailearen GU-lagunak, arketipoak
Balizko plakat-arketipoak ihardule-komunikatzaile bakarra erabiliko luke Iraultzan, komunikatzaile hori pertsona-itxura duen marrazkia litzatekeelarik. Plakateko pertsonaia nagusia ondoko nortasun hauek karakterizatuko lukete: gizonezkoa, ardura familiarrik erakusten ez duena, eslaviar zuriaren itxura duena, adinez heldua eta bizibidez lantegi-langilea edo nekazaria. Pertsonaia nagusia eskenategi publikoan ezarriko litzateke; alegia, intimitatezko uneetarako baliagarri ez den horretan, ekintza sozialduentzat baliagarria den horretan.

Gerla ordezkatzen duen eskenategi etereo eta publiko batean dagoen gizonezko nekazariak anti-iraultzaileen buruak ebakitzen ditu kodainaz. Bortxazko ekintzan dihardu gorriz jantzitako iraultzaileak. Berbaldi idatzia aginte-eran dago; testuak dio: "Moztu garaiz!" Egilea: V. Deni, 1919. . . . . . . . . serdem slu▀aň revol, 29 . kosi vo vremň! . . . . . . . . . . . .

Plakat-arketipoak erakutsiko lukeen ekintza nagusia bortxazkoa edo militarra litzateke, alegia, "soldadu gorriek" herriaren defentsari, gerlara deitzeari edo zurien aurkako erasoari ekingo liekete. Plakatak hedatu gura izango lukeen ekintza konnotatu nagusia garaipenaren bidegarritasuna litzateke; alegia, gerlan aurrera eginez arerioa menderatzea eta iraultza bera gauzatzea bidezko eta ahalgarri dela komunikatzea.

Bataz beste, plakatean, ideologia iraultzailea errepresentatuko luketen 2,41 ikur erakutsiko lirateke. Ikur horien artean, garrantzitsuenak lantresnak ordezkatzen dituztenak.

Pertsonaia nagusiak koadroan, edo koadroa zabalago balitz koadroan bertan leudekeen elementuetatik bati begiratuko lioke, ez zuzenean plakataren aurrean legokeen balizko ikusleari. GUtasuna adierazteko kolore nagusia gorria; eta, kolore eramale nagusia pertsonaia bera edo bere arropa.

Berbaldi zuzeneko plakata dugu iraultzako arketipoa; alegia, mezua zuzen-zuzen autorearengandik helarazten duena. Berbaldi luzea du plakatak; idatzizko elementu askokoa da, beti esanguradun 5 berba autonomo baino gehiagokoa. Hala ere, aditz bakarrekoa da eta berori aginte-eran dugu. Egite-erakoen artean, aldirik erabiliena: iragana.

Plakatak erabateko atxikimendua erakutsiko lieke iraultzari eta armada gorriari berari. Topikorik erabiliena: gerla zibil horretan iraultza garaile aterako dela.

3.1.2.- Aberri Gerla Haundiko GU-lagunak, arketipoak 1941-1945 urte bitarteko balizko plakat-arketipoak ihardule-komunikatzaile bakarra erabiliko luke, komunikatzaile hori pertsona-itxura duen marrazkia litzatekeelarik. Plakateko pertsonaia nagusia ondoko nortasun hauek karakterizatuko lukete: gizonezkoa, ardura familiarrik erakusten ez duena, eslaviar zuriaren itxura duena, adinez heldua eta soldadu gorri erregularra edo partisano gorria. Pertsonaia nagusia eskenategi publikoan ezarriko litzateke; alegia, intimitatezko uneetarako baliagarri ez den horretan.

Plakatak erakutsiko lukeen ekintza nagusia bortxazkoa edo militarra litzateke; alegia, "soldadu gorriek" gerlara deitu, zinegite militarra burutu, Hitler akabatu, bonba bota, tiro egin eta naziak harrapatzea.

Plakatak hedatu gura izango lukeen ekintza konnotatu nagusia garaipenaren bidegarritasuna litzateke; alegia, gerlan aurrera eginez arerioa menderatzea eta aberria babestea eta askatzea bidezko eta ahalgarri dela.

Bataz beste, plakatean, gerla garaiko mundu sovietarra errepresentatuko luketen 2,98 ikur erakutsiko lirateke. Ikur horien artean garrantzitsuenak armak eta sinbologia komunista ordezkatzen dituztenak.

Kremlineko izar gorriak eta bandera gorriak presiditzen duten eskenategi publikoan kokatutako gizonezko soldadu erregular-sovietarrak gerlara deitzen du, eskuan arma duela. Berbaldi idatzia aginte-eran dago; testuak dio: "Babes dezagun Mosku!" Egilea: N. Xukov, 1941. . . . . . . . . . ... frontu, 106 Otstoim Moskbu! . . . . . . . . .

Pertsonaia nagusiak koadroan, edo koadroa zabalago balitz koadroan bertan leudekeen elementuetatik bati begiratuko lioke, ez zuzenean plakataren aurrean legokeen balizko ikusleari. GUtasuna adierazteko kolore nagusia gorria; eta, kolore eramale nagusia sinbologia komunista edo sovietarra.

Berbaldi zuzeneko plakata da Aberri Gerla Haundiko arketipoa; alegia, mezua zuzen-zuzen autorearengandik helarazten duena. Berbaldi luzea du plakatak; idatzizko elementu askokoa da, beti esanguradun 5 berba autonomo baino gehiagokoa. Hala ere, aditz bakarrekoa da eta berori aginte-eran dugu. Egite-erakoen artean erabiliena: iragana.

Plakatak erabateko atxikimendua erakutsiko lieke gerlari, armada gorriari eta garaipen militarrari. Topikorik erabiliena: gerla horretan sovietarrak garaile aterako direla batetik; eta, bestetik, armada gorria eta herria jator eta ausart direla.

3.1.3.- Perestroikako balizko plakataren GU-lagunak, arketipoak Perestroikako balizko plakatak ihardule-komunikatzaile bakarra erabiliko luke, komunikatzaile hori pertsona-itxura duen marrazkia edo gauza liratekeelarik. Plakateko pertsonaia nagusia ondoko nortasun hauek karakterizatuko lukete: gizonezkoa, ardura familiarrik erakusten ez duena, eslaviar zuriaren itxura duena, adinez gaztea da, eta bizitzarekiko ikuspuntu kritikoa eta autokritikoaren jabea. Pertsonaia nagusia eskenategi publikoan ezarriko litzateke; alegia, intimitatezko uneetarako baliagarri ez den horretan, ekintza sozialduentzat egokiagoa den horretan, hain zuzen ere.

Plakatak erakutsiko lukeen ekintza nagusia politikoa litzateke; alegia, konstituzioa astindu, bonba apurtu edo glasnost aldarrikatu. Plakatak hedatu gura izango lukeen ekintza konnotatu nagusia bizitzearen beharragaz lotutakoa litzateke: pertsona izan ahal izateaz, ingurugiroagaz edo balore berrien aldarrikapenagaz.

Bataz beste, plakatean, mundu zibila, arrunta, errepresentatuko luketen 1,31 ikur erakutsiko lirateke. Ikur horien artean garrantzitsuenak eguneroko paisaia osatzen dutenak dira: platerra, argi-postea, etxea...

Pertsonaia nagusiak plakataren aurrean legokeen balizko ikusleari berari begiratuko lioke zuzenean.

Tabakoa, alkohola eta futbola begi oso kritikoz ikusten ditu artistak, plakat honetan isladatu duenaren arabera. Objektu zibilez inguratutako pertsonaia gazteak, testuinguru etereo batean, balizko ikusleari begiratzen dio begietara, zuzen-zuzen. Testuak dio: "Gola!" Egilea: O. Timoxin, 1987. . . . . . . glasnost and perestroika, 70 Gol.... . . . . . . . . . . . . . . . .

GUtasuna adierazteko kolore nagusia gorria eta kolore eramale nagusiak tresneria eta eraikuntzak dira.

Berbaldi zuzeneko plakata da Perestroikako arketipoa; alegia, mezua zuzen-zuzen autorearengandik helarazten duena. Berbaldi luzea du plakatak; idatzizko elementu askokoa da, beti esanguradun 5 berba autonomo baino gehiagokoa.

Plakatak erabateko atxikimendua erakutsiko lieke lanari, bakeari, ekologiari, glasnosti eta perestroikari berari. Topikorik erabiliena: gu bakezale gara.

3.1.4. GU-lagunak, iruzkin diakronikoak
GU-lagunak tankerako plakatetan, zenbait joera komunegaz egin dugu topo hiru garaietan: normalean plakatek ihardule nagusi bakarra erakusten dute. Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian, ihardule nagusia pertsona da gehienetan; Perestroikan, ostera, pertsona edo gauza bat izan daiteke plakataren komunikagarritasunaren zama bere gain hartzen duen elementurik garrantzitsuena.

Dudarik ez da, joera amankomuna erakusten dute hiru garaiek pertsonak erakusterakoan: pertsonaia nagusia gizonezkoaren itxurakoa da gehienetan eta ez du ardura familiarrik. Eslavo zurientzat baino ez dago lekurik. Gainerako arraza sovietarrek ez dute gure lagineko plakatik protagonizatu.

Garaiari lotuta ikusi dugu pertsonaiaren betebehar nagusia. Iraultzan pertsonaia langilea edo nekazaria da. Aberri Gerla Haundian soldadua edo partisanoa. Perestroikan biztanle arrunta eta autokritikoa. Pertsonaiak Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian lotuta daude mundu militarragaz; Perestroikan, ostera, mundu zibilagaz. Iraultzan objektuek -lantresnak gehien bat- mundu nekazaria eta proletarioa dakarkigute gogora; Aberri Gerla Haundian objektuek -armak- gerla dakarkigute burura; Perestroikan mundu arrunta ikusten dugu, objektu zibilez jantzirikoa.

Pertsonaiak Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian koadro barruan begiratzen du; Perestroikan ikusleari berari. Gutasuna azpimarkatzen duen kolore esanguratsua Iraultzan pertsonaiaren gorputzean ageri da; Aberri Gerla Haundian sinbologia komunistan integratu da; eta, Perestroikan tresneria zibilean ikus dezakegu.

GU-lagunak arketipoaren berbaldia zuzena eta deskribatzailea da hiru garaietan; hots, testu luzeak darabiltzana -leloetan 5 berba baino gehiago-.

Iraultzan, iraultzak berak hartzen ditu sinpatiarik handienak fenomeno sozial moduan; Aberri Gerla Haundian, Armada Gorri-askatzaileak; eta, Perestroikan, balore berriek. Topiko militarra dakusakegu Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian, non GU-lagunak garaile izatea azpimarkatzen baita. Perestroika-urteetako topiko nagusia GU-lagunak bakezale eta autokritiko izatea da.

3.2. EURAK-arerioak, arketipoak
Hiru garaietako plakataren EURAK-arerioak arketipoaren lerro nagusietan izan diren aldaketarik nabarmenen gonbaraketaren datuak eskaintzen dira hemen. Datuek balizko plakat-arketipoak eraikitzeko balio dute.

3.2.1. Balizko plakat iraultzailearen EURAK-arerioak, arketipoak
EURAK tankerako Iraultza-urteetako plakat-arketipoak ihardule-komunikatzaile bakarra erabiliko luke, komunikatzaile hori pertsona-itxura duen marrazkia litzatekeelarik. Ihardule hori ondoko nortasun hauek karakterizatuko lukete: gizonezkoa, ardura familiarik ez duena, eslaviarra, adinez zahar eta bizibidez burges edo aristokrata.

Plakatak erakutsiko lukeen ekintza nagusia bortxazko edo militarra litzateke; eredu honetako plakat-arketipoak armada zuria herria epaitzen eta urkatzen, zigorra erakusten eta erabiltzen, iruzurrezko bakearen bidez heriotzak eragiten marraztu du. Plakatak hedatu gura izango lukeen ekintza konnotatu nagusia Errusia sozialistari eraso egitea litzateke, sovieten gizartea ezar ez zedin.

Pertsonaia nagusia eskenategi publikoan ezarriko litzateke; alegia, intimitatezko uneetarako baliagarri ez den horretan, ekintza sozialduentzakoa, hain zuzen ere.

Bataz beste, plakatean, ideologia kontrairaultzailea errepresentatuko luketen 2,75 ikur erakutsiko lirateke. Ikur horien artean garrantzitsuenak: monarkia eta eliza ordezkatzen dituztenak.

Pertsonaia nagusiak koadroan, edo koadroa zabalago balitz koadroan bertan leudekeen elementuetatik bati begiratuko lioke, ez zuzenean plakataren aurrean legokeen balizko ikusleari.

EURAKtasuna adierazteko kolore nagusia beltza da eta kolore eramale nagusia pertsonaia bera edo bere arropa.

Mustro odolzale itxura duen Vrangel generala erakusten du plakatak. Vrangelek eliza, armada zuria eta monarkia ditu atzean; bere armadak herria sarraskitzen du; berak ere ezpata du eskuan. Testuak dio: "Vrangel, armak hartuta, proletarioen kontra matxinatu da!" Egilea: N. Kotxergin, 1920. . . . . . . . . rossiň xx veka, 48 Vrangel idiot . . . . . . . . . . . .

Berbaldi objektaleko plakata da EURAK eredukoa Iraultzan; alegia, mezua pertsonaiaren bitartez helarazten duena. Berbaldi laburra du plakatak; idatzizko elementu gutxikoa da, esanguradun 5 berba autonomo baino gutxiagokoa. Aditz bakarrekoa da eta berori aginte-eran.

Topikorik erabiliena: gerla zibil horretan "zuria" zanpatzailea dela eta, era berean, arma bidez garaiterraza.

3.2.2.- Aberri Gerla Haundiko EURAK-arerioak, arketipoak
Bigarren Mundu-gerrateko plakat-arketipoak ihardule-komunikatzaile bakarra erabiliko luke, komunikatzaile hori pertsona-itxura duen marrazkia litzatekeelarik. Pertsonaia nagusia hurrengo nortasun hauek karakterizatuko lukete: gizonezkoa, familia ardurarik ez duena, eslaviarra, heldua eta bizibidez soldadu nazia edo Hitler bera. Pertsonaia nagusia eskenategi publikoan ezarriko litzateke; alegia, intimitatezko uneetarako baliagarri ez den horretan.

Plakatak erakutsiko lukeen ekintza nagusia menpekotasuna adierazten duena litzateke, alegia, naziek sovietarrei aurre egiteko duten ezintasuna erakutsiko lukeena. Plakatak hedatu gura izango lukeen ekintza konnotatu nagusia naziak gerla galtzera kondenatuta daudela iragartzen duena litzateke.

Bataz beste, plakatean ideologia nazia errepresentatuko luketen 2,54 ikur erakutsiko lirateke. Ikur horien artean garrantzitsuenak: propagandak hedatutako Alemania nazia ordezkatzen dutenak.

Pertsonaia nagusiak koadroan, edo koadroa zabalago balitz koadroan bertan leudekeen elementuetarik bati begiratuko lioke, ez zuzenean plakataren aurrean legokeen balizko ikusleari.

EURAKtasuna adierazteko kolore nagusia beltza da; eta, kolore eramale nagusia pertsonaia bera edo bere arropa.

Berbaldi objektaleko plakata da EURAK eredukoa Aberri Gerla Haundian; alegia, mezua pertsonaiaren bitartez helarazten duena. Berbaldi laburra du; idatzizko elementu gutxikoa da, esanguradun 5 berba autonomo baino gutxiagokoa.

Plakatak erabateko errefuxamendua erakutsiko lieke plakatean bertan presente dauden arerio alemaniarrei, Hitlerri berari zuzenean, edo nazien esklabutza abstraktuari. Topikorik erabiliena: gerla horretan faxista arma-bidez garaiterraza dela dioena.

Soldadu gorriak arma sartzen dio buruan Hitler itxurako mustro-arratoiari. Hitlerrek apurtu egin du Soviet Batasunagaz zeukan bake-hitzarmena (dokumentu urratua erakutsi egiten da). Hitlerrek eskuan pistola eta maskara daramatza, arropan gurutze nazia. Erasotzaile moduan agertzen da Hitler hemen baina, eraberean, baita galtzaile legez ere. Egileak: Kukriniksi, 1941. . . . . . . . . . .. frontu, 75 Bespa▀adno... . . . . . . . . . .

3.2.3.- Perestroikan balizko plakaten EURAK-arerioak, arketipoak
Perestroikako plakat-arketipoak ihardule-komunikatzaile bakarra erabiliko luke, komunikatzaile hori pertsona-itxura duen marrazkia litzatekeelarik. Pertsonaia nagusia hurrengo nortasun hauek karakterizatuko lukete: gizonezkoa, adinez zaharra, itxuraz eslaviarra, familia-ardurarik ez duena, jarrera politiko sovietar-komunista duena. Pertsonaia nagusia eskenategi publikoan ezarriko litzateke; alegia, intimitatezko uneetarako baliagarri ez den horretan. Pertsonaia nagusiak koadroaren aurrean legokeen balizko ikusleari berari begiratuko lioke zuzenean.

Plakatak erakutsiko lukeen ekintza nagusia zeregin politikokoa lizateke, alegia: bandera sovietarra erakutsi edo botere sovietarra goraipatzea. Plakatak hedatu gura izango lukeen ekintza konnotatu nagusiari soviet-kolektibismoaren kritika darioke; alegia, zentsuraren, errepresioaren, lan-sistemaren, burokraziaren, desabastezimenduaren edo komunismoaren kritika latza. EURAK-arerioak ereduko plakatetan sistema sovietarraren alderdirik beltzena isladatu beharko litzateke.

Bataz beste, plakatean, ideologia sovietarra errepresentatuko lukeen 0,70 ikur erakutsiko litzateke. Ikur horien artean garrantzitsuenak: igitaia eta mailua, izarra edo bandera gorria.

EURAKtasuna adierazteko kolore nagusia beltza da eta kolore eramale nagusia pertsonaia bera edo bere arropa edota sinbologia komunista.

Berbaldi objektaleko plakata da eredu honetako arketipoa; alegia, mezua pertsonaiaren bitartez helarazten duena. Berbaldi laburra du; idatzizko elementu gutxikoa da, beti esanguradun 5 berba autonomo baino gutxiagokoa.

Plakatak erabateko errefuxamendua erakutsiko luke sovietekiko, zentsurarekiko, burokraziarekiko, Perestroikarekiko, Alderdiarekiko, Leninekiko edo Gorbatxovekiko. Topikorik erabiliena: sovietarra hiltzaile, hondatzaile, akaparatzaile, burokrata, zapaltzaile edo lapur da.

Denda sovietar-ofizialetan jenero gutxi zegoen garaietako plakata da hau. Pertsonaia nagusia akaparatzailea da, denda ofizialetan jakiak modu merkean handika hartzen dituena gero kalean garestiago saltzeko. Akaparatzailearen ahotik Errusia Sovietarra egunkariak, komunismoaren alde, bere garaian argitaratutako artikulu oso famatu baten izenburua ateratzen da. Testuak dio: "Ezin ditut nire printzipioak baztertu!" Egilea: V. Levtxenko, 1988. . . . . . . . glasnost and perestroika, 23 (egunkari zatia) . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

3.2.4. EURAK-arerioak, iruzkin diakronikoak
EURAK-arerioak ereduko plakat-arketipoek ihardule nagusi bakarra erakusten dute gehienetan. Ihardule nagusia pertsona da eta familia-ardurarik ez du adierazten. Dudarik ez da, joera amankomuna erakusten dute hiru garaiek: pertsonaia nagusia gizonezkoaren itxurakoa da. Aztertutako laginean zurientzat baino ez dago lekurik. Pertsonaiak, Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian, koadro barruan begiratzen du, Perestroikan ikusleari berari.

Garaiari lotuta ikusi dugu pertsonaiaren betebehar nagusia. Iraultzan pertsonaia burges edo aristokrata da. Aberri Gerla Haundian, Hitler bera edo soldadu nazi arrunta. Perestroikan, komunista arrunta edo agintari sovietarra.

Pertsonaiak Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian lotuta daude mundu militarragaz, Perestroikan, ostera, mundu politiko-zibilagaz.

Iraultzan arerioen objektuek -koroa eta jantzi dotoreak- mundu aristokratiko-galtzailea dakarkigute gogora. Aberri Gerla Haundian arerioen objektuek -gurutze naziak- gerla eta zanpaketa-guraria dakarzkigute gogora. Perestroikan arerioen objektuek komunismo basatia marrazten dute.

Areriotasuna azpimarkatzen duen kolore esanguratsua beltza da hiru garaietan. Kolore hau arerioaren gorputzean marraztu da gehienbat.

Arerioen berbaldi-arketipoa objektala da hiru garaietan, baita dogmatikoa ere; hots, testu laburrak, azalpenetarako batere betarik ematen ez dutenak darabiltzana -leloetan beti 5 berba baino gutxiago- eta pertsonaiak berak komunikatuak.

Iraultzan, zentzu abstraktuko zanpaketak bizten ditu amorrurik handienak; Aberri Gerla Haundian, presente dagoen arerio sarraskigileak; eta, Perestroikan, komunismoaren balore tradizionalek.

Arerioa basatia eta hiltzailea da hiru garaietan: Iraultzan basatia zuri-monarkikoa da, Aberri Gerla Haundian soldadu nazia eta Perestroikan militante sovietarra.

4. Azken berbak
Ezin bestela izan, plakat sovietarra modu harrigarrian egokitu da garaian garaiko beharrizan politiko eta sozioekonomikoetara. Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian, plakata estatu eta alderdi egituretara moldatu da. Perestroikan, ostera, lotura guztiak askatu, irauli eta egitura horien kontra matxinatu da.

Iraultzako eta Aberri Gerla Haundiko plakatak formaz eta edukiz desberdinak izan arren, filosofia eta politika ulertzeko modu berari erantzuten diote. Perestroikako plakata, aurrekoetatik, diferentea da, baita filosofikoki ere. Perestroikako plakatak hautsi egin ditu politika sovietarragaz lotzen zituen radikal guztiak, hautsi egin ditu iraganarekiko isotopia partidista eta burokratiko guztiak.

Iraultzako eta Aberri Gerla Haundiko plakatak musika beragaz egin dute dantza sovieten etxean; Perestroikan, ostera, eskenategitik bota dituzte musikariak. Perestroikako plakatak bere burua metamorfoseatu du; Perestroika arte, GU-lagunak esparrua mundu sovietar ofizialarena izan zen; mundu hori Perestroikan EURAK-arerioak ereduko esparrua bilakatu da. Sinbologia sovietarrak islada zeharo diferenteak komunikatu ditu Iraultzan zein Aberri Gerla Haundian ala Perestroikan: izar gorria, iraganean askatasun-ikurra izan zena, Perestroikan sinbolo zapaltzailea da. Testu leninistek leku diferentea izan dute Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian edo Perestroikan: iraganean testuok errespetuz irakurtzekoak izan ziren, Perestroikan testu leninistak diskurtso barregarrien atalak baino ez dira.

Adierazle sinboliko berek adierazi konnotatu diferenteak daramatzate Iraultzan eta Aberri Gerla Haundian ala Perestroikan, horretantxe datza transformazioaren giltza. Pertsuasio sistemek oso ibilbide semiko apartatuak jarri dituzte abian epe batean ala bestean; eta, azkenean, Iraultza eta Aberri Gerla Haundia batetik eta, bestetik, Perestroika, soka semantiko beraren azken muturreko adibideak dira: elkarren etsai diren arren, elkar baztertu ezin dutenak, bata ulertzeko bestea ulertzea beharrezkoa baita; bien arteko harremana zuriaren eta beltzaren arteko balizko harreman kualitatibo berean oinarritzen da. Eguna eta gaua guztiz diferenteak dira baina, zer da eguna gau barik? Perestroikako plakata ulertzeko tradizio iraultzailea ezagutu behar da, haren sinbologia eta faktura; gero, Perestroikako artisten eskuetan, zuria beltza zelan bilakatzen den ulertzeko, metamorfosiaren lekuko izan ahal izateko.

Balizko arketipoen gonbaraketa diakronikoak semantika politiko-sovietarraren transformazioa ulertzeko balio izan digu. Arketipoen gonbaraketari esker, artegintza politikoaren barne-unitate signifikatiboen detekzioa eta iherarkizazioa egiteko bidea irekitzen zaigu.

Bibliografia aukeratua
Baburina, N. (1984): Sovetskij politiceskij plakat. Mosku: Sovetskij xudonik.

Basterretxea, J.I. (1996): Dualitatea kartel politiko sovietarrean. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.

Basterretxea, J.I. (1996): "Kartel politiko sovietarra: propaganda eredu baten azterketa", Uztaro, n.17. UEU-Bilbo.

Demosfenova, G. (1985): Sovetskie plakatisty-frontu. Mosku: Iskusstvo.

Goncarov, N. (1989): Belorusskij politiceskij plakat. Minsk: Belarus.

Gracev, A. (1985): Plakat v borhbe za mir. Mosku: Plakat.

Ivanov, K. (1986): Agit-plakat. Mosku: Sovetskij xudonik.

Ivanova, O. (1985): Kukryniksy: gody vojny. Mosku: Izobrazitelhnoe iskusstvo.

Kalinin, M. (1944): Neskolhko slov o propagande i agitaii. Mosku: Gospolitizdat.

Lukhňnov, M. (1991): 6-aň veserossijskaň vystavka plakata. Mosku: SoĘz xudonikov RSFSR.

Lunacarskij, A. (1930): My na▀i druzhň i na▀i vragi v rizunkax Deni. Mosku-Leningrad: Gos. izdatelhstvo.

Matafonov, V. (1977): Boevoj karanda▀. Mosku: Xudonik RSFSR.

Polonsnij, V. (1925): Russkij revolĘionnyj plakat, monografiň. Mosku: Gosudarstvennoe izdatelstvo.


1 Ikus, Basterretxea, J.I. (1996): "Kartel politiko sovietarra: propaganda eredu baten azterketa eskripto-ikonikoa", Uztaro, n.17, Bilbo (85-107 orr.) Jose Inazio Basterretxea Dualitatea plakat sovietarrean 11