Ondorengo lan honek EHUk diruz lagundutako ikerketa proiektu batean du oinarri. Bertan, Kazetaritza eta Ikus-entzunezko Komunikazioaren sailetako bost irakaslek hartu dute parte, 1995 eta 1996 urteetan. Lan honek helburu garbia du: Euskadiko indar politiko gehientsuenek 1988an sinatu zuten Ajuria Eneko Itunak Euskadiko eta Espainiako prentsan izan duen eragina aztertzea. Artikulu hau ikerlan horren laburpena besterik ez da1.
Horretarako, irakasle horiek 1.619 item aztertu dituzte, egunkari desberdinetako albiste, iritzi artikulu, editorial eta erreportaien artean. Aztertutako garaia oso zabala izan da, ia hamazazpi urte (1979-1996). Aipatutako itun horrek, beste faktore batzuren laguntzaz, ahalbideratu du prentsak ETAren indarkeria politikoa gaitzezteko darabilen lengoaia askoz homogenegoa eta trinkoagoa izatea. Euskal gizartearen baitan izan diren aldaketa anitzek ere (sozialak, ekonomikoak, politikoak eta kulturalak) eragina izan dute fenomeno horren artikulazioan. Osagai horiek guztiek -batuta eta elkarren artean lubrifikatuta- itunak izan duen oihartzun mediatikoa eta soziala handitu egin dute. Lan honen egileei guztiz beharrezkoa deritzote kazetagintzaren alorrean antzeman dituzten hutsegite eta gabeziak zuzentzeari, iritzi publiko libre eta ongi informatua lortu nahi baldin badugu behintzat.
|